2008ko zemendiaren 17a, astelehena
Bariku goizaldean etorri nintzen Cuscora Nascatik, autobusean 16 ordu emon ondoren. Cusco, Inken hiriburua, 3400 metrora dago eta gabaz nahiko fresko egiten dau. Mendiz inguratuta alde guztietatik, oso hiri ederra da, alde zaharra oso ondo zainduta dago, eliza eta etxe ederrez beteta.
Zapatu-domekan tour bat egin gendun Machu Picchu ingurura furgonetan: zazpi orduko bidea lurrezko pistetan zehar Santa Teresa herriraino, paraje ikusgarriak, 4ooo metro baino gehiagoko mendateak igon eta bajatu... baina baita be euria barra-barra, eta luperiak, eta bidea moztuta, eta furgoneta aldaketa... eta pintxazoa! Eskerrak umore oneko jendeaz batu nintzela! holandar bikote bat, gringo gazte bi, poloniako beste bikote gazte bat eta Nimeseko neska bat.
Azkenean be heldu ginen Santa Teresara, hemen bidea amaiatzen da eta jarraitzeko bi aukera dagoz: tren turistikoa hartu edo oinez egin azken zatia Machu Picchu azpian dagoen Aguas Calientes herriraino. Ni oinez nahiago neban, hankak apur bat luzatzeko be! ordu biko ibilbide polita da, trenbidearen ertzetik, hasieran bakarrik, baina bidean brasildar koadrila gazte bategaz alkartu eta batera egin gendun azkenengo zatia. Ordu bi t'erdi beranduago, erdi ilunduta, heldu ginen Aguas Calientes herrira, baina gustora, brasileiro saltseroekin!
Domeka goizean, goiz-goizetik abiatu ginen Machu-Picchurantz, furgonetako lagunak autobusean, nik nahiago neban oinez igon, ordubete eta laurdeneko igoera baino ez da!. Bidean Guido ezagutu neban, Cuscon bizi dan artisau gazte jator bat.
Machu Picchu, leku ikusgarria da... oso toki aldapatsua da eta mendi itzelez inguratuta dago. Benetan be ezagutu dodan lekurik ederrenetarikoa!
2008ko zemendiaren 12a, eguastena.
Limako zoramenetik aldendun nahian edo, autobusa hartu eta hegoalderantz etorri naz, herenegun Pisco eta Paracas eta atzo eta gaur Nasca. Autobusean ezagutu neban bertoko lagun baten esanetan, iazko lurrikarak erreme hondatu ebazan inguru hauek... eta bai, Piscok itxura tristea erakusten dau, erdiguneko etxe asko jausita, hondakinak kale ertzetan.. Paracas ordu erdira dagoen herritxo bat da, hondartza eta portu txiki bategaz, baina ezagunagoa da Parke Naturalagatik. Nasca basamortu baten ertzean dago, leku beroa eta lehorra da, baina herri txikia izan arren leku atsegina da. Gaur, eskoziako mutil bategaz batera, bisita gidatu bat egin dogu Nasca eta Palpako lerroak eta irudiak ikustera. Mario, gure gidaren esanetan, teoria batzuen arabera lerro eta irudi hauek Nasca herriak ia bi mila urte egindakoak dira euren jaungoikoak gurtzeko, baina ez bakarrik hori, euren egutegi astronomikoa ere ei ziren, urtaroak zehazteko...
Dana dala, leku oso berezia da... harrigarria!
Nazca
2 comentarios:
Llamak edo alpacak dire?
Bueno, nonok esan egin behar izan dau: ja astebete baino gehiago da eta itxaroten gaz hurrengo entregari
Publicar un comentario